Posts Tagged: OpenStreetMap


7
Jul 10

Gipuzkoako errepideetan aldaketak

Gehienok jakingo duzuen moduan Donostian saihesbide berria ireki dute, Aritzetatik Errenteria artekoa. Errepide hau erakutsi zuen lehen mapa-sistema OpenStreetMap izan zen, hainbat erabiltzaile aktiboren lanari esker. Behean OSM eta Google Maps-en arteko konparaketa Errenteria-Astigarraga inguruan.

Bestalde, ireki-berri duten saihesbideak hainbat aldaketa eragin ditu Gipuzkoako errepide-sarean, bereziki errepide kodeketan. Hona hemen aldaketen zerrenda:

  • Irundik Maltzagarainokoa izenez aldatu da AP-1/AP-8 bihurtu delarik.
  • Maltzagatik – Arabako mugara AP-1 soilik
  • Maltzagatik – Bizkaiko mugara AP-8 soilik
  • Donostiako bigarren saihesbidea AP-1/AP-8n dago integratuta
  • Lehengo Donostiako saihesbidea, Aritzetako lotunetik Errenteriaraino GI-20 bihurtu da.
  • Lasartetik Aritzetara (GI-20rako) lotunea GI-11 bihurtu da
  • Errekaldeko biribilgunetik, Donostiako saihesbiderakoa (GI-20ra) AƱorgatik zehar, GI-21 bihurtu da.
  • N-I Etxegaratetik Lasarteraino da, hortxe bukatzen da.
  • Errenteriatik Frantziako mugara, lehen N-I zena orain GI-636 bihurtu da.
  • Lasartetik Lartzabalerainoko (GI-636 errepidera) tartea GI-2132 bihurtu da, errepide honen lehenengo zatia (Lasartetik Errekaldeko biribilgunera) lehen N-Iaren ibilbidean zegoen.
  • N-634 errepidea Lasarten hasten da eta Eibarren, Bizkaiko mugan, bukatu.

Hemen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean datorren aipamena.

Zorionak erabiltzaile guztiei egindako lanagatik!


29
Apr 10

Maparen etorkizunaz

Mikel Maron OSMn adituak artikulu interesgarria atera du bere blogean. Bertan, munduko hainbat herrialdetan OSMko mapa eratzeko jarraitu diren pausuak zehazten ditu, baita izan duten ondorioa ere.

Maronen ustez, etorkizunean kalitatezko mapa bat izateko bidea komunitate inplikatu batean dago. Euskal Herrian horixe ikusten ari gara, mapa osatu eta eguneratuenak lekuan lekuko erabiltzaileei esker dauzkagula.

Aurreko larunbatean Amurrion izan ginen Gari, Asier Etxebeste eta hirurok. Bertako lagun batzuekin batera Amurrio mapan jarri genuen. Hona hemen aldaketaren irudiak:


Baina arrakasta faktorea eguneraketan dago, etengabeko aldaketa txikietan. Eta horretarako, zer hoberik komunitate zabal eta inplikatua baino. Jakin badakigu gure hitzaldi edo tailerretara datozenetatik portzentaje txikia geratzen dela proiektuan lanean. Hala ere, bakan horiek nahikoa izan daitezke Euskal Herriko mapa euskaldun eta eguneratua izateko. Horretan jarraituko dugu. Eta horretan gabiltza; herenegun hitzaldia eman genien Uni Eibar-Ermuako ikasleei eta gaur Ermuko datuak jasotzera aterako gara. Talde osotik pertsona bakarra erakartzen badugu ere, pozik egongo gara. Pausuz pausu, mundu osoa mapan.


29
Mar 10

GeoEuskadi WMS-a nola erabili

Badira hainbat aste Eusko Jaurlaritzak bere datu geografikoak askatu zituela, tartean WMS-a. Orain artean ez gara larregi ausartu berau erabiltzera, batez ere hainbat metro mugituta agertzen delako. Baina Asier Sarasuak posta-zerrendan argitu digu nola konpondu daitekeen.

WMS-aren helbidea:

http://www1.euskadi.net/wmsconnector/com.esri.wms.Esrimap?ServiceName=WMS_Euskadi_CBase&REQUEST=GetMap&VERSION=1.1.1&SRS=EPSG:4326&SERVICE=WMS&LAYERS=Orto 2009&FORMAT=image/png&

Gogoan izan “source = GeoEuskadi” etiketa gehitu beharra dagoela lizentziarekin bateragarria izateko.

Ondorengo bideo honetan jarraitu beharreko pausuak azaltzen ditugu (audio akatsak barkatu!):

Badaezpada, gogoratzearren, hona hemen berriz ere jarraitu beharreko pausuak:

  1. Gehitu GeoEuskadi JOSM-ko zure WMS-etara.
  2. Jaitsi zerbitzaritik ondo mapeatuta dagoen lekuren bat eta ondoren GeoEuskadiren WMS irudia.
  3. Egin klik WMS-ak mugitzeko aukeran eta ondo kokatu GeoEuskadirena.
  4. Jaitsi zerbitzaritik mapeatu nahi duzun lekua eta egin nahi adina aldaketa.

25
Mar 10

Bikoiztutako nodoak

Orain zenbait aste B5M-tik inportazioak egiten jardun genuen hainbat erabiltzailek. Oso normala ez bada ere, litekeena da zerbitzariko nodoak bikoiztea.

Nola? B5M-k atariak bateratu egiten ditu zenbait kasutan. Irudian Donostiako Kale Nagusia eta Portu kalea ikus ditzakegu. Atariak bata bestearen gainean agertzen ziren. OSMrentzako bikoiztutako nodoak dira horiek.

Beste aukera bat. Lezoko atariak OSMko zerbitzarira igotzen nenbilela interneteko konexioak huts egin zuen. Datuak OSMra igo ote ziren ziurtatu gabe, berriz igo nituen. Emaitza: atari guztiak bikoiztuta zeuden.

OSMn dauden bikoiztutako nodoak ikusteko sartu webgune honetan. Beheko irudian Korsikan bikoiztuta dauden nodoak ikus ditzakegu, nodo bakoitzaren gainean gurutze gorri batekin.

Hego Euskal Herrian ez dago bikoiztutako nodo larregi, Iparraldean bai.

Bikoiztutako nodoen auzia kontuan izan beharreko zerbait da OSMra inportazio handiak egitea nahi dugunean. Lehenago zer dagoen begiratu behar dugu, igo behar dugunarekin alderatu eta garbiketa lanak egin.


4
Mar 10

Elementuen historia ikusi

Demagun puntu, lerro edota segmentu baten historia ikusi nahi dugula, hau da, lehenagoko bertsioetatik zein aldaketa egon den edota zein erabiltzailek egin zituen.

Bi forma erraz daude historia ikusteko:

Potlatch-en (openstreetmap.org webgunean editatzea zuzenean):

  • Intereseko lekuan jarri eta egin klik “edit” (euskaraz “aldatu”) botoian
  • Aukeratu nahi duzun puntu, lerro edo segmentua
  • Behean dagoen “advanced” aukeran egin klik eta ondoren “way history”-n
  • Hor ikusten dira aukeratutako horrek historian zehar eduki dituen aldaketa guztiak. Horrela, aurreko bertsioetara itzul gaitezke.

JOSM editorean:

  • Jaitsi zerbitzaritik intereseko eremua
  • Aukeratu nahi duzun puntu, lerro edo segmentua
  • Goian, menuan, dagoen Tools (“erremintak” euskaraz) botoian klik egin, eta ondoren “History of element”-en (Ctrl + H)
  • Honek nabigatzailean leiho berri bat irekiko digu, eta han ikusiko dugu historikoa

EuskalMapa posta-zerrendara bidalitako mezua artikulu bilakatu dugu.


5
Feb 10

Haitiko maparen hobekuntzak

Beheko bideoan, lurrikararen ostean Haitiko mapa nola hobetu zuten ikus daiteke, ikusteko modukoa:

Iturria: Nestoria


29
Jan 10

Nick dut Nik saioan OpenStreetMap eta EuskalMapa aurkeztuz

Aste honetako Nick dut Nik saioko erreportajeetako batean geokokapena eta OpenStreetMap izan genituen mintzagai. Hemen bideoa:

Grabaketa Getxoko mapa jaia egin zenean burutu genuen. Eskerrik asko emandako aukeragatik Nick dut Nik!


27
Jan 10

JOSM ikastaroko kronika

Hamabost bat lagun gerturatu ziren pasa den ostiralean Tagzaniaren bulegora. Giro polita izan genuen eta guztiei eskertu nahi dizuegu gurera etorri izana. Oso balorazio ona egiten dugu, bereziki, geroz eta interes gehiago dagoelako gure inguruan OpenStreetMap dela eta.

Ikastaroaren hasieran aurreko urteko kronika eta 2010. honetarako desioak eskatu genituen. Argi daukagu desio nagusia maparen kalitatea hobetzea dela, eta horretarako mapazale gehiago erakarri behar ditugu proiektura eta datu publikoak erabil ahal izan behar dugu. Pixkanaka komunitate sendo bat eratzen ari gara, horixe da mapa on bat izateko lehen pausua.

Hona hemen grabatu genituen hainbat irudirekin egindako bideoa:

Eskerrak eman nahi dizkiegu Josu Mendicute, Asier Sarasua eta Urtzi Azkueri errealizazio, grabaketa eta musikagatik, hurrenez hurren.

Facebook-eko EuskalMaparen taldean hainbat argazki ikus daitezke.


14
Jan 10

Krisialdietarako mapak

Haitikoaren moduko lurrikararen bat gertatzen den bakoitzean, funtsezkoa da eguneratuta egongo diren mapak edukitzea. Informazio hau oso erabilgarria da erreskate zein berreraikitze lanetarako. OpenStreetMap-ek laguntza ederra eman dezake halakoetan.

Lehenago ere aipatu izan dugu Mikel Maron ekintzailea (Map Kibera eta Gazako maparen atzean bera dago). Bere jardunari esker hainbat pertsona hasi dira OSM-n Port-au-Prince mapeatzen. Hemen wikian sortu duten atal berezia, eta hemen mapa nola hobetzen ari den. Mapa hobetzen laguntzea nahi baduzu, jakin ezazu ondorengo mapa libre hau erabil dezakezula.

Eguneraketa (2010-01-15): Mikel Maronek bere blogean ondorengo bi irudiok jarri ditu:

Port-au-Prince mapeatu aurretik:

Eta bolondresen lanari esker oraintxe duen itxura:


14
Dec 09

OpenStreetMap ETB-ren Teknoflash atalean

Aurreko asteburuan ETBren Teknoflash atalean OpenStreetMap izan zituzten hizpide, mapa-jaiak (egindakoak zein egingo ditugunak), erabiltzaileak eta abar.

Eskerrik asko ekimena zabaltzen laguntzearren!