Aste honetan eztabaida sortu da Wikipedian editore aktibo kopurua jaisten ari dela esan duelako ikertzaile batek. Wikimedia fundazioak bere blogean erantzuna eman du.
Kuriositatea sortu zitzaigun ea OpenStreetMap-en zenbat erabiltzaile zeuden, hona azken urteetako erregistratutako erabiltzaileen datuak:
2007ko uztaila: 9.000
2008ko abuztua: 50.000
2009ko martxoa: 100.000
Gaur (2009.eko azaroak 29): 189.155
Datuak Wikipediatik eta OSMren estatistiketatik atera ditugu. Datuokin ez dugu inolako konparaketarik egin nahi, argi dago Wikipedia askoz lehenago hasitako proiektua dela eta OSM oraindik ere hazkunde prozesuan dagoela.
Eguneraketa: Joxe Aranzabalek eskatu digu iruzkin batean grafiko batean datuok jartzea ondo legokeela. Webgune honetatik atera dugu hemen beheko grafikoa.
Albiste handia gaurkoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak bere B5M geografia webguneko informazio guztiari lizentzia libre batekin askatu bait du.
Ez gara abokatuak eta eskertuko genuke aditu baten konfirmazioa, baina esango genuke webgune horren Lege Informazioa orrian datozen kondizioak bateragarri direla orokorrean ezagutzen den CC-BY lizentzia batekin. Hain justu, honako zatietan:
Webgunearen edukia eta Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokion geografiaren informazioa, edonork ahal izango du erreproduzitu, atera edo berrerabili, edozein formatutan, bere osotasunean zein zatika, eta ondoren zilegi izango da modu askean erabiltzea, beti ere baldintza hauek betetzen badira:
Hor garbi adierazten da edozein modutan berrerabili daitezkeela datuak. Baldintza azpimarragarriena, erabilera mugatzen duelako, lehenengoa da:
1. Beti eta kasu guztietan, autoretza azalduko da.
Albiste izugarri ona da hau:
Batetik, inguruko administrazioen artean eredugarria delako Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lurralde Antolaketa departamentuaren jarduna, kalitate altuko datuekin eta aplikazioekin. Beraien B5M webgunean eskaintzen diren zerbitzuak ez dute inguruan parekorik.
Eredu hori lizentziaren mailan ere inguruko administrazioetan zabaltzeko bidea ematen duelako. Baliteke laster ikustea antzerako mugimenduak inguruko beste administrazioetan, eta asko poztuko gara.
Izugarri pozten gaitu erabakiak eta honi esker OpenStreetMap proiektuan informazio hau berrerabili eta kalitate oneko mapa bat lortuko dugu. Zorionak Gipuzkoako Foru Aldundiari!
Euskal Herria zer nola mapeatuta dagoen galdetzen digutenean, ez da erraza erantzun zehatz bat ematea. Zenbait eremu oso ondo ageri dira OpenStreetMap-en, beste asko ondo edota erdizka, eta asko ez dira ageri ere egiten.
Ondoren erakusten dizuegun taula honetan Euskal Herrian 10.000 biztanle baino gehiago dauzkaten herri eta hiriak agertzen dira, taulan, lekuaren biztanle kopuruaz gain, OSMra loturak eta maparen egoera agertzen dira.
Zerrenda honetako herrietatik OSM-n okerren daudenak hauek dira: Angelu, Arrasate, Arrigorriaga, Baiona, Barakaldo, Basauri, Durango, Erandio, Galdakao, Gernika, Lasarte, Laudio, Leioa, Lizarra, Mungia, Oñati, Sopela eta Trapagaran.
Azterketa hau era errazean burutu nahi genuen, egin kontu Euskal Herriko herri, auzo edota txoko guztiak aztertu behar izan bagenitu egunak edota asteak behar izango genituela, beraz, ongi-esanak onartu eta gaizki-esanak barkatu .
Badira herri eta eskualde txikiagoak lana behar dutenak, hala nola, Lekeitio, Bermeo, Zumarraga, Urretxu, Legazpi, Lazkao edota Arabar Errioxa.
Eta… zure herria zerrenda honetan agertzen ez bada?
Ba sartu OpenStreetMap-en webgunean eta begiratu ezazu, inork ez du zure herria zuk bezain ondo ezagutuko. Zuk zeuk ikusi ondo edota gaizki dagoen.
Eta… zure herria gaizki mapeatuta badago, zer?
Hasi OSM-n datuak editatzen. Wikian behar beste informazio daukazu ingelesez (nola demontre gida bat prestatu beharra daukagu, eman denbora pixka bat).
Orain gutxi elkarrizketatu dute Irratia.com-eko lagunek Mikel tagzaniarra. Entzungai dago jada audioa Irratia.com-en webgunean. Eskerrak eman nahi dizkiegu OpenStreetMap eta mapa-jaien inguruan solasteko aukera ematearren.
Hamaika mapa-jai antolatu ditugu jada hainbat herritako mapa hobetuz, eta asmo horrekin jarraituko dugu Euskal Herrian OpenStreetMap ezagutzera eman eta bultzatuz.
Hurrengo egunetan beste bi aukera izango dituzu OSM zer den eta nola lagun dezakezun jakiteko:
Urtero antolatzen dituzte Txintxarrisferaren barruan ekitaldi ezberdinak eta aurten Ardiki Mapping Party-a izan dugu. Ez da gutxi Alegia bezelako herrialdean hamar bat lagun elkartzea, aupa Alegi!
Openstreetmap zer den, zertarako eta nola egin, hauek izan ziren pausoak. Inon ez bezala aurkezpena, txalaparta musikarekin egin genuen. Gaizki ez.
Aurkezpenean Walking-papers-etaz aritu ginen eta baita paperak banatu ere. Bizpahiru GPS tresna ere bildu genituen, eta jarraian herria mapeatzera joan ginan. Bertan elkartutakoak ezagutzeko grina zeukaten, eta galdera barra-barra eta intentzioz jantziak izan ziren.
Datuak bildu eta guztiok wifia zuen tabernara joan ginen eta bertan garagardo artean Alegia mapeatzen jardun genuen. Interes handiko mutilak iruditu zitzaizkidan eta ustez indarrean arituko direnak OSM jorratzen.
“Party”-a ondo bukatzeko Ardiki afaria izan zen Ugarten, eta hona hemen bertako argazkiak, hitzik gabe: Hori duk sakea mutilak!
Hemen aurretik…:
eta ondoren nola dioan Alegiako herria eta inguruneak:
Azken detaile gisa, Iñigok egin zigun iradokizuna martxan jarriko dugu ( “Nola demontre” ), bertan OSM nola editatu eta ze trikimailu dauden argituko ditugu.
Bejon deizuela Alegiko gazteok eta jarraitu horrela!
Atzo Ketarik bideo xelebre honekin harritu gintuen:
Bideoa tresna interesgarria izan daiteke datuak jasotzeko, irudiak eta ahotsa bateratzen dituela. Honi GPS bat gehituko bagenio, sekulako informazio interesgarria izango genuke.
Eta ez da bakarra halako kontuetan dabilena. Ondorengo erabiltzaile kanadar honek antzerako zerbait egiten du. Bere kasuan, segundo gutxian argazkiak ateratzen dituen kamera darama soinean.
Atzo arratsaldean Halabedi irratiko lagunek ondorengo elkarrizketa egin zioten Tagzaniako Mikeli OpenStreetMap-i buruz. Audioan, ostiral honetako Alegiko mapa-jaia antolatzen duen Txintxarrisferako Iñigo entzun ahal izango duzue.
Gaurkoan Ito enpresaren produktu erabilgarri bat aurkezten dizuegu. Garraioarekin lotutako zerbitzuak ematen ditu enpresa ingeles honek, asko OpenStreetMap erabiliz.
OSM mapper zerbitzu kuriosoa da (logeatu egin behar da berau erabiltzeko). Kokapen konkretu batean bertan ibili diren erabiltzaileak, sesioak eta etiketak ikus daitezke. Hona hemen beheko adibidean Donostian jardun diren erabiltzaileak koloretan bereizita.
Kokapen geografiko hauek norberak aukeratzen ditu, beraz, norberaren herria edota eskualdea “kontrolatu” dezake. Gainera RSS bidez harpidetzeko aukera ematen digu.
Horretaz gain, enpresa honek hainbat ekarpen egiten dizkio OSM komunitateari, hala nola urteroko edizioen bideo hau:
Posta-zerrendan izena ematean Google-eko kontu bat eskatuko dizu, ez badaukazu, kudeatzaile batek zuzenean harpidetu behar zaitu. Hori bada zure kasua, bidali mezu bat helbide honetara: mlizarralde (a bildua) tagzania.com (Mikelen eposta helbidea).