OpenStreetMap albisteak


5
Feb 10

Haitiko maparen hobekuntzak

Beheko bideoan, lurrikararen ostean Haitiko mapa nola hobetu zuten ikus daiteke, ikusteko modukoa:

Iturria: Nestoria


14
Jan 10

Krisialdietarako mapak

Haitikoaren moduko lurrikararen bat gertatzen den bakoitzean, funtsezkoa da eguneratuta egongo diren mapak edukitzea. Informazio hau oso erabilgarria da erreskate zein berreraikitze lanetarako. OpenStreetMap-ek laguntza ederra eman dezake halakoetan.

Lehenago ere aipatu izan dugu Mikel Maron ekintzailea (Map Kibera eta Gazako maparen atzean bera dago). Bere jardunari esker hainbat pertsona hasi dira OSM-n Port-au-Prince mapeatzen. Hemen wikian sortu duten atal berezia, eta hemen mapa nola hobetzen ari den. Mapa hobetzen laguntzea nahi baduzu, jakin ezazu ondorengo mapa libre hau erabil dezakezula.

Eguneraketa (2010-01-15): Mikel Maronek bere blogean ondorengo bi irudiok jarri ditu:

Port-au-Prince mapeatu aurretik:

Eta bolondresen lanari esker oraintxe duen itxura:


29
Nov 09

Geroz eta erabiltzaile gehiago OSMn

Aste honetan eztabaida sortu da Wikipedian editore aktibo kopurua jaisten ari dela esan duelako ikertzaile batek. Wikimedia fundazioak bere blogean erantzuna eman du.

Kuriositatea sortu zitzaigun ea OpenStreetMap-en zenbat erabiltzaile zeuden, hona azken urteetako erregistratutako erabiltzaileen datuak:

  • 2007ko uztaila: 9.000
  • 2008ko abuztua: 50.000
  • 2009ko martxoa: 100.000
  • Gaur (2009.eko azaroak 29): 189.155

Datuak Wikipediatik eta OSMren estatistiketatik atera ditugu. Datuokin ez dugu inolako konparaketarik egin nahi, argi dago Wikipedia askoz lehenago hasitako proiektua dela eta OSM oraindik ere hazkunde prozesuan dagoela.

Eguneraketa: Joxe Aranzabalek eskatu digu iruzkin batean grafiko batean datuok jartzea ondo legokeela. Webgune honetatik atera dugu hemen beheko grafikoa.


27
Nov 09

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere datu geografikoak askatu ditu

Albiste handia gaurkoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak bere B5M geografia webguneko informazio guztiari lizentzia libre batekin askatu bait du.

Ez gara abokatuak eta eskertuko genuke aditu baten konfirmazioa, baina esango genuke webgune horren Lege Informazioa orrian datozen kondizioak bateragarri direla orokorrean ezagutzen den CC-BY lizentzia batekin. Hain justu, honako zatietan:

Webgunearen edukia eta Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokion geografiaren informazioa, edonork ahal izango du erreproduzitu, atera edo berrerabili, edozein formatutan, bere osotasunean zein zatika, eta ondoren zilegi izango da modu askean erabiltzea, beti ere baldintza hauek betetzen badira:

Hor garbi adierazten da edozein modutan berrerabili daitezkeela datuak. Baldintza azpimarragarriena, erabilera mugatzen duelako, lehenengoa da:

1. Beti eta kasu guztietan, autoretza azalduko da.

Albiste izugarri ona da hau:

  • Batetik, inguruko administrazioen artean eredugarria delako Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lurralde Antolaketa departamentuaren jarduna, kalitate altuko datuekin eta aplikazioekin. Beraien B5M webgunean eskaintzen diren zerbitzuak ez dute inguruan parekorik.
  • Eredu hori lizentziaren mailan ere inguruko administrazioetan zabaltzeko bidea ematen duelako. Baliteke laster ikustea antzerako mugimenduak inguruko beste administrazioetan, eta asko poztuko gara.

Izugarri pozten gaitu erabakiak eta honi esker OpenStreetMap proiektuan informazio hau berrerabili eta kalitate oneko mapa bat lortuko dugu. Zorionak Gipuzkoako Foru Aldundiari!


18
Nov 09

Ito OSM mapper

Gaurkoan Ito enpresaren produktu erabilgarri bat aurkezten dizuegu. Garraioarekin lotutako zerbitzuak ematen ditu enpresa ingeles honek, asko OpenStreetMap erabiliz.

OSM mapper zerbitzu kuriosoa da (logeatu egin behar da berau erabiltzeko). Kokapen konkretu batean bertan ibili diren erabiltzaileak, sesioak eta etiketak ikus daitezke. Hona hemen beheko adibidean Donostian jardun diren erabiltzaileak koloretan bereizita.

Kokapen geografiko hauek norberak aukeratzen ditu, beraz, norberaren herria edota eskualdea “kontrolatu” dezake. Gainera RSS bidez harpidetzeko aukera ematen digu.

Horretaz gain, enpresa honek hainbat ekarpen egiten dizkio OSM komunitateari, hala nola urteroko edizioen bideo hau:


12
Nov 09

Zure datuak libreak dira? Egingo dugu tarta bat?

Nola frogatu zure datu geografikoak libreak diren ala ez? IvanSanchezek aurkitu du froga egiteko modua:

Informazio geografiko edo mapa jakin bat librea da, bakarrik norbaitek mapa horrekin marraztutako tarta bat oparitu badiezazuke.

Ivan Sanchez-en argazkia

Ivan Sanchez-en argazkia

Zeri esker inprimatu daiteke mapa bat tarta batean?

  • Mapa edo informazio geografikoa norberaren ordenagailura deskargatu daiteke.
  • Informazio hori gozogileari bidali diezaiokegu.
  • Erabilera komertzialak baimenduta egon behar dute.
  • Informazioa zabaltzeko akordio komertzialik behar ez izatea.
  • Eman behar diogun erabileraz inori ez bazaio abisatu behar. (tarta bat oparitzeko sorpresa beharrezkoa da!)

Gehiago bere blogean: La prueba de la tarta


3
Nov 09

Map Kibera ekimena

Kibera Nairobiko slum (txabolaz osatutako auzo txiroa) bat da, Afrikako handienetakoa. Nahiz eta milioi bat inguru biztanle bizi diren bertan ez zen mapetan agertzen. Kiberaren ezagutza geografikorik gabe ezinezkoa da bertako biztanleen egoera hobetzea. Bertako gazteek Map Kibera jarri dute martxan, slum-aren mapa egin eta Kibera mapetan ager dadin. Hemen Map Kiberaren bloga eta twitter erabiltzailea.

Ekimenaren atzean Mikel Maron dago, Humanitarian OpenStretMap team-eko partaidea eta ekintzailea. Ez da lehen aldia horrelako ekimen batean dabilena, Gazako mapa bultzatu zuen eta orain hilabete batzuk.

Mapa-datu zuzenak edukitzea garrantzitsua da, ez bakarrik garapen proiektuetarako, baita larrialdi egoeretan ere erabiltzeko. Horren adibidea da Filipinetan izandako tifoiaren egoera konpontze aldera OpenStreetMap darabiltela.

OSMek datu bikainak dituenean ez dira erabiltzen garapen proiektuetarako soilik, baita helburu komertziala dutenetan ere. Flickr-ek Nairobiko mapa erakusteko OpenStreetMap erabiltzea erabaki du orain gutxi. Flickr eta OSMren lankidetzaren beste adibide batzuk: Baghdad, Teheran edota Beijing.


3
Nov 09

Best of OSM

Best of OSM webgunean OpenStreetMap-en dauden mapa esanguratsuenak erakusten dituzte, ondoen mapeatuta daudenak.

Ketarik twitter bidez abisatu digu Donostiako Anoeta estadioa sartu berri dutela Best of OSM-en.

Beti aipatzen diegu OSM-n hasiberriak direnei ondo mapeatuta dauden beste leku batzuk begiratzeko, Londonen edota Alemanian adibidez. Horregatik da horren pozgarria Donostia zerrenda horretan egotea, gu ere beste batzuentzako eredu izango garelako.

Zorionak Donostia mapeatzen jardun duzuen guztioi!

Eta OSM-n hasi berriak zaretenoi animorik beroenak, sortu ditzagun mapa berriak, eredu berriak. Segi mapeatzen lagunok!


29
Oct 09

OSM Alba eta euskarazko OpenStreetMap

OSM Alba leku-izenak Eskoziako gaeleraz erakusten dituen mapa bat da. Datuak OpenStreetMap-eko zerbitzaritik bertatik ateratzen ditu, gaelerazko izenak dauden lekuan hauek lehenesten. Beheko irudi honetan ikus daitekeen moduan, Glasgow, Edinburgh edota Stirling beraien Gaelerazko bertsioan agertzen dira.

OSM Alba screenshot

Nola egin daiteke hau? Datuak OSMra igotzen ditugunean name:gd etiketa gehitu behar dugu (eta balio moduan gaelerazko izena).

Euskal Mapa ekimenaren helburua da euskarazko leku-izenen mapa bat egin eta erakustea, OSM Albak egiten duen moduan. Euskal Herriko lekuetaz gain, mundu osoko lekuen euskarazko izenak erakutsiz name:eu etiketari esker.

Adibide bat:

  • name = United States of America
  • name:eu = Ameriketako Estatu Batuak
  • Horrela, euskarazko OpenStreetMap-en bertsioan Ameriketako Estatu Batuak izena ikusiko dugu jatorrizko USA-ren ordez.
  • Berdina gertatuko da Iruñea, Hendaia edota Madrilekin.

19
Oct 09

Non editatzen dugu OpenStreetMap

Ondorengo irudi honetan ikus dezakegu azken bi hilabeteetan OSMko erabiltzaileek zein herrialdetan egin dituzten edizioak. Argi eta garbi ikus dezakegu Alemaniak proiektuan duen pisua.

OSM erabiltzaileak zein herrialdetan ibili diren editatzen

Iturria: OpenGeoData