Denok datu geografikoen bila!

Badirudi TomTom, Garmin edo Nokiaren akziodun despistatuak beldurtu direla atzoko Googlealbistearekin, nola Googlek nabigatzailea atera duen esanez (begira nola erori ziren atzo burtsan), baina enpresa horiek azken urteetan une hau aurreikusita zuten; 2007ko uztailean TomTom-ek TeleAtlas erosi zuen eta Nokiak bi hilabete ondoren Navteq erosi zuen, datu geografikoetan munduko bi enpresa liderrak eskuratuz

Azken urteotan aldaketa azkar bat ikusten ari gara, geografiarekin lotutako negozio guztietan.

Lehenengo hardwarea izan zen. Adibidez, TomTom-a izugarrizko aldaketa izan zen ordurarteko Garmin eta Magellanen GPSekin alderatuta: konpaktua, pantaila handia, autorako pentsatuta, eta horrek eragin zuen autoetako nabigatzaileen zabalkundea.

Gero, besteek bere hardwarea kopiatu dutenean, TomTom-ek lidergoari eutsi dio software hobea zuelako, interface erabilgarriagoa eta abar. Baina diferentzia hau gutxitzen joan da, konpetentziak ere softwarea hobetu duelako berriz ere TomTom-en ereduari jarraituaz.

Beraiek bazekiten, eta horregatik erosi zuten TeleAtlas, bazekitelako hurrengo borroka datuetan egongo zela. Kontua da nork dituen datu eguneratuagoak, zehatzagoak, konpletuagoak. Ez da hainbeste gaur kopiatu ahal izatea, baizik eta bihar datuak eguneratuta edukitzea. Are gehiago, gakoa da nola mantendu datuak errepide batean istripua dagoenean edo kale batean trafiko geldoa dagoenean.

ViaMichelinek ere ikusten zuen bere datuen negozioak ez zuela balio distribuziorik gabe, eta horregatik hasi ziren nabigatzaileak saltzen baina zein merkatu konpetitiboan sartu diren ikustean, atzera egin eta GPSen negozioa utzi dute, eta datuetara bakarrik bideratu dute beraien lana.

Googlek ere garbi dauka, eta horregatik sortu zuen Google Mapmaker edo horregatik duela hilabete TeleAtlas-en datuak albo batera utzi dituzte AEBn..

Horregatik gaude OpenStreetMap proiektuan

  • Datu geografikoak jadanik geo-negozioen gakoa direlako..
  • Gaur egun datu geografikoak lortu, gorde eta eguneratzeko modu onena delako.
  • Etorkizunean ere edozein produktu edo zerbitzu asmatzeko jarraipena bermatzen digun proiektua delako.

Eta asko gustatzen zaigulako, zer demontre! Aizu, nola dago zure auzoa OpenStreetMap-en?

Leave a comment